1940 – 1960

1940ko hamarkada zaitasunez betetako garaia izan zen, eta produktu-mota ororen gabezia nabarmena zen. Gerra Zibiletik ateratzeak, Bigarren Mundu Gerraren hasierak eta autarkia egoerak eskari handia zeukan merkatua sortu zuten, ekoizten zen guztia xurgatzen zuena. Garai hartan murrizketa elektrikoak gertatzen ziren, eta altzairuaren, galdaketaren, motorren, tresnen, eta abarren gabezia zegoen.

Lan-eskua ugaria zenez eta makina-erremintak eskuratzeko aukera urria zenez, ez zegoen interes askorik ekoizpen-prozesuak hobetzeko. Ebaketa-abiadura handitan lan egin ahal izateko, motor elektrikoa erantsita zuten makinez baliatzea (betiere tresna egokiak erabilita), ez zegoen eskuragarri transmisio orokorreko eragintza erabiltzen jarraitzen zuen industriarentzat, edota, oraindik ere, kasurik gehienetan, altzairu-ebaketarako karbono aleaziozko tresnak zerabiltzanarentzat, nahiz eta altzairu lasterra eta tungsteno karburoa aspalditik orokortuta egon.

1950. urtera arte, salbuespenak salbuespen, pieza zilindrikoak tornuan bukatzen ziren karraskarekin eta lizpaperrarekin. Engranajeak galdaketazkoak ziren eta fresatzeko makina orokorretan tailatzen ziren; kasu askotan, engranajeen mataderak, zorroak eta poleak zizelarekin egin eta karraska erabilita doitzen ziren. Ekoizpena hain zen erabatekoa, ezen fresatzeko makinentzako cardan errotulak ere ekoizten baitziren. Mekanika-lantegi guztietan nahitaezkoa zen sutegi bat egotea, ofizial bakoitzak bere tresna propioak forjatzen, tenplatzen eta prestatzen zituelako bertan.

Garai horretan ez zen trukagarritasunik existitzen; beraz, makinak eraikitzea benetako artelana zen, eta artelan horietan ofizioan hainbat urtetan aritutako ofizial adituek parte hartzen zuten. Tornulari eta fresatzaileen kasuan, prestakuntza teoriko garrantzitsua behar izaten zen, ofizioak planoetan agertzen ez ziren era guztietako kalkuluak egiteko ezagupena izatea baitzeraman inplizituki, eta baita hari-mekanizazioak, konoak eta engranaje zuzen, helikoidal eta konikoen tailatzeak ebazteko ere.

1950ko hamarkadan, hainbat eta hainbat tekniko eta ofizial independizatu egin ziren, eta beren lantegi propioak oso kapital txikiarekin eraiki zituzten. Gauzak horrela, makina-erremintaren eraikuntzaren etapa berri bati eman zitzaion hasiera: modelo zaharrak hobetu eta makina-mota berriak jaio ziren; beraz, labur esanda, bilakaera zeharo onuragarria eman zen.

Hamarkada berean, makina-erreminten sektorearen garapena erraztu zuten zenbait inguruabar mesedegarri eman ziren: 1946an, hots, Bigarren Mundu Gerraren ostean hasitako isolamendu politiko eta ekonomikoa amaitu egin zen. 1953an, Amerikako Estatu Batuekin akordioak sinatu ziren, eta ,1955ean, Nazio Batuen Erakundearekin (NBE). 1958an, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean (ELGA) sartzea lortu zen, eta, horri esker, industriak nazioarteko ekarpen teknologikoez aprobetxatu ahal izan zuen. Enpresak lanaren antolaketaz arduratzen hasi ziren, eta konpainia berezituek ekoizpen-metodoak eta lan-denboren ezarpenak hobetzeko ikerketak egiteari ekin zioten.

Merkatal arloari dagokionez, azpimarratzekoa da 1940ko hamarkadan G operazioa martxan jarri zela, gero M-1 deiturikoa. Operazioaren funtsa zera zen: industria-produktuen esportatzaileei kanpora egindako beren bidalketek sortutako gordekin-erreserbaren % 10 lehengaiak inportatzeko erabiltzen uztea. Horrez gain, erreserba horretako % 25 makineria eta haren ordezko piezak erosteko erabil zezaketen. Beraz, era horretan, instalazio eta makineria-parkea berriztatzea ahalbidetu zen.

1952. eta 1960. urteen artean, biak barne, makina-erremintak eraikitzeko 80 bat enpresa berri jaio ziren. Horietako 56 Euskadin sortu ziren, Katalunian 10, Logroñon 4, Zaragozan 4, eta besteak Madril, Valladolid, Santander eta Oviedon.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies